- Actividades
- No hay comentarios
Joanes Giblelade abenturazale tolosarrak gaur Vital Kutxako Estadio Aretoan izango dugu bere azken bidaiari buruzko nondik-norakoak azaltzeko arratsaldeko 18:30tan. Baina guk ere gure elkarrizketa egin nahi izan diogu blog honetan.
Tolosar honek Alaskatik abiatu eta Argentinaraino egin zuen 12 hilabeteko bidaia bizikletan 2007ko maiatza eta 2008ko urria bitartean. 26.000kilometro, 29 herrialde, kultura eta jende ezberdina… Kanadan hasi zen abentura Alaskako basoan eta Yukón-en. Hartzen paraje eta bizilekuan eman zituen egun batzuk, Las Rocosas mendizerra zeharkatu eta baita Andeak ere 4.200metroko altitudean egindako bide ikusgarrietan barrena ibili zen. Bere pedaloei gogor emanez, kilometroak eta kilometroak egin zituen basamortuak zeharkatuz (Mexiko, Peru, Txileko Atakama desertua eta baita Argentinako pampa ere) eta ezin ahaztu Guatelama, Honduras, Chiapas ala Amazonas oihanak.
Baina datuez gain, bidai hau bizipenez jositako abentura izan da. Bere hitzetan “esperientzi oso ona da, gauza asko ikasten dira, asko. Gainera edozeini gomendatuko nioke horrelako bidai bat egitea, edozeinek egin dezakeelako.”
17 hilabetetan zehar bidai luzea egin duzu bizkiletan. Nola bururatu zitzaizun 26.000kilometro modu honetan egitea? Nola sortu zen proiektua?
Egia esan bidai hau egiteko gogoak betidanik izan dut, lehen bidaiak bizikletan egin nituenetik orain aspaldi. Gogoa nuen bidai luze bat egiteko, eta zer hobe bidaitzeko bizikleta bat baino??
Horrelako bidai batek prestakuntza logisitiko, zein fisiko eta mental handia behar du.
Fisikoki ez nuen ezer prestatu, bi arrazoiengaitik, lehena ezin delako, eta bigarrena pixkanaka bidaian zehar forma puntu ona hartzen zoazelako.
Beste gauzak prestatzen denbora luzea eman nuen; ez bidaiaren gauzak prestatzen, gehien bat, hemen alde batera uzten nituen gauzak txukun uzten.
Behin gauza horiek txukun utzita, bidaia prestatzea oso erraza da, mapa on bat, diru pixka bat, bizikleta bat eta gogoa behar direlako bakarrik.
Ia urte terdiko abentura honetan zer izan zen zailena ala gogorrena?
Gogorrena eta zailena, ateratzeko pausoa ematea da, beste guztia gurpilen gainean dator.
Bidaian zehar datozen oztopoak, oztopoak dira besterik ez. Horrela onartu behar dira, garrantzia gehiegirik eman gabe, eta ahal den moduan aurrera jarraitu, eta esperientzia ona edo txarra izan, gogor saiatu eta ikasi.
29 lurraldetan barrena ibili zara; basamortu, oihan, mendikate, hainbat eta hainbat herrialde… Leku berri asko ezagutu dituzu, baina zerk erakarri zuen zure atentzioa gehien al zerk harritu zintuen gehien?
Dudarik gabe, aurkitu nuen gauza onena jendea izan zen. Jendea eta jendea.
Horretaz gain, basamortuak nabarmenduko nituzke. Bere izarrez beteriko gauekin eta egun beroekin, bere distantzi izugarriekin ,bakartasun absolutoarekin, eta isiltasunarekin, horrek asko erakertzen nau.
Milaka bizipen izango dituzu, baina anekdota ala esperientzia berezirik gurekin konpartitzerik izango al zenuke?
Beti gogoratzen dut gau bat Estatu Batuetan. Lagun batekin nengoen akanpatuta, eta gau erdian laguna ohiuka hasi zen, nire dendatik izututa atera nintzen, eta bat-batean bere kanping dendatik mofeta bat ikusi nuen korrika ateratzen. Gogoratzen dudan bakoitzean, irribarre bat jartzen zait aurpegian.
Aukera izanez gero, berriz murgilduko al zinake abentura honetan?
Bai, dudarik gabe esperientzia oso ona da, gauza asko ikasten dira, asko.
Gainera edozeini gomendatuko nioke horrelako bidai bat egitea, edozeinek egin dezakeelako.
Esperientzia hau bizi eta gero, proiektu berriren bat pentsatuta al duzu?
Pentsatuta-pentsatuta, momentu honetan ez. Baina badakit ere, horrelako proiektuak ez direla gehiegi pentsatu behar. Bizi guztia pentsatzen pasa dezakezulako. Bizikleta gordeta daukat, eta bidea hor dago,beraz, ikusiko dugu.